XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Jainkoaren nahia baino Jainkoa Bera, horrezkeroz, alperrik ez ote liteken, galde daiteke.

Egundo maminduko ez den Gizakiaren gogamenak sortutako asmakeri hutsa dirudi Berak.

Honenbesteko da gizonaren izatea: etengabeki eusten zaio, ta uneoro zimeltzen da.

Erne-ahala, zimeltzen den gorabehera hortan, higikun huts hortan, ekinaldi hortan, gizonak atergabeko bultzakadaz iharduten duen arren, bertantxe erortzen da betiko ezerezean.

Gizakiaren ezereza ta hutsa hobeto aztertzen da honela: lehenbizi igazitakorik ezer ez da; datorkena, halaber, oraindik deus ez da; orain izate ba-denari, ostera, izenez deitu uneko, igazi da, ta ezerezean murgiltzen da.

Aitzin gibeleko ukaldi bat da oraingoa, bainan errenkada denez, izakiaren apurketa da, itzebakia (rendija fente) da ta hutsunea, ta beraz, ezereza.

Inoiz ez da ezerezik ez aurrean, ez atzean.

Gogoan bere oraingoa hartu ezkero, lehenengoko ezaguerakoa joanik da.

Ta bigarren ezagueraldia begikada bat da, baina betiko joan denaren, betiko igazi denaren, ezer ez denaren begikada izotza.

Horrezkeroz, bigarren ezagueraldia likina izan denaren gogorketa da, bizi izan denaren hilketa, higikuna izan denaren geldiketa.

Bainan izan ere ez da berbera, beraren antza baino.

Horregatik, gogapena egia delakotan ari den edozein, azken ametsetan ari da, gogaia izanaren antza erkin, zimelezur hutsa besterik ez da-eta.

Horrenbestez, izanaldia ez dakizu, drama ala irri antzerti den.

Edonundik ixilaldi edo parrealdi agertzen da, dena alperrikako ekinaldi, eguneroko saialdi, baina zoroaren saiaketa da dena.

Ameskeri hortan, berriz, zabarturik dihardugu, alde guzietatik izkirio baten parrezko ezpain okerra gure lepotik isegita daroagula.

Inork ez beza, gero, aipatu igelak bezela ahoa puztuta gizonaren nortasunik, gizona ludiko erregea ta abereen eta ihizen ugazaba litzakelakoan.

Hobe erixten dio Sartre`k, gizona zer den adieraztean, honenbesteko itzizun bidez erantzutean: gurdi ardatzaren buruan arbiori bat dindilizka isegita, inahalean aurrerantz bultzaka doan astakume bat, alegia.

Bederatzigarren Ihardugaia: Izatera itzuli

Maiz aipatzen da Filosofia hontan itzulketa, itzulera hitza.

Hitzaren esangura ulerrerazteko hiru maila bereiziko ditugu Gizakiaren moral ihardubidean:
1) estetika edo zentzumen maila,
2) etika edo moral maila ta
3) erlijio maila.

Itzulketa esnatze bat da, itzarraldia da.

Zentzu mailan diharduen gizona hautaera gabeko lozorroan dauntza.

Halako batean, berriz, etika mailara aldatzen da, igoten da, itzultzen da.

Itzulketa hitza jalkitzean, onbiderik edo okerbiderik berariz ez da aipatu gura.

Hitz horren esangura ihardunaldi hontan zera soilki da, lehenengo mailatik hautaera mailara igotea edo jautzi egitea.